MUSIKA

WE ARE STANDARD
“Musikak sendatzeko gaitasuna duela uste dugu”
Dibertsioa eta jaia bezalako hitzek beste dimentsio bat hartzen dute, hedonismo musikala duintzen lagundu duen Getxoko We Are Standard bandaren soinuari esker. Bere lan berria, ‘Great State’ Lp txikia, orain arteko “adeitsuena eta musikalena” da, Deu Txakartegi kantariaren esanetan.
Galdera. Nola sentitzen zarete ‘Great State’ aurkeztu ondoren?
Erantzuna. Inoiz disko bat grabatzean lortu dugun atseginik handienaz. Kontu batzuk batu dira oraingoan. Alde batetik, gauzak egiten ikasiz joan gara; Londresen askotxo ikasi genuen Andy Gill ekoizlearekin. Gainera, autoprodukziozko lana izan da, Deustuko estudioan grabatu duguna. Azkenik, doinu handiak egitearen alde hasiera-hasieratik markatuta geneukan helburua betetzea lortu dugu, nire ustez, etiketak, generoak eta garaiak gaindituz. Tamaina handiko bost kantu sortu ditugu. Atsegin handia izan da haziz joatea, eta haztearekin batera haizea eta koruak bezalako elementuak gehitzea. Honek proposamena aberastu duela uste dugu. Gure lehengo lanetan adrenalina gehiago zegoen, baina azken hau askoz ere adeitsuagoa eta musikalagoa da. Handiaren bila ibili gara, negu luze eta latz honetatik atera eta argia emango diguten doinuak sortuz.
 
G. Nondik sortu da argi hori guztia?
E. Uda sasoiko diskoa da oso. Berez, udan grabatu genuen, eta hortik datorkio argitasun handi hori. Zerikusi handia du ‘Great State’ izenburuarekin ere. Egia esanda, oso une onean gaude. Gero eta jarraitzaile gehiago dugula konturatu gara, musikatik bizi garela alegia, eta oso gutxi dira hori lortu duten bandak.
 
G. Nola lortzen duzue soinu hori zuzeneko jardunera eramatea?
E. Ahalegin handia eginez. Gu ez gara jenioak edo rock izarrak, baina elkartzen garenean, guztiok daukagu zerbait taldea handiagoa egiteko. Jende normala gara, eta gauzak egiteko, gogor lan egin eta lokalean ordu asko sartu behar izaten ditugu. Talde batean, zailena kide guztiak ados jartzea da. Proposamen estetiko berbera izatea, alegia, eta ez soilik rockaren alorrean, baizik eta edertasunari buruzko ideia berbera izatea, musikak nolakoa izan beharko lukeen eta abar.
 
G. Kosta egin zaizue hedonismoa eta dibertsioa bezalako hitzan duintzea?
E. Oso argi izan dugu beti. Jende askok uste du, usteak erdiak ustel, gure jardunaren muina dantza zela. Baina ez da dantza, giro ona baizik, askoz ere gauza orokorragoa. Gu ez gara behin ere izan, eszenatokian oinetakoei begira geratzen dieten talde horien modukoak. Jendearen bizimodua hobetzea dugu xede, musikak bizitza hobetzen lagundu digun neurrian. Musikak sendatzeko gaitasuna duela uste dugu, pertsonak jaso eta hobeak eta sendoagoak bihurtzeko gaitasuna alegia.
 
G. Zuen proposamena musikatik harantzagokoa dela esan daiteke?
E. Dena da garrantzitsua, gure ustez: kartelak, azalak, zuzeneko jardunean erabiltzen dugun arropa. Hau ez da bakarrik musika. Askotan, taldeek, batez ere indie joerakoek, hau musika hutsa dela ulertarazi nahi digute, baina musikatik harantzagokoa da guztiz. Jendeak taldea ulertu behar du; bestela ezin du parte hartu. Horrez gain, jendeak bere burua rock izarrengan islatuta ikusi nahi izan du beti. Ondorioz, garrantzi handikoa da nork bere irudia zaintzea banda baten barruan zaudenean. Bereziki gogoan izanda musika artea dela, industriak ahaztu samar duen arren, eta horren haritik, gauza berriak proposatu behar dituzula, arteari buruz duzun ideia estetikoa barne. Hori guztia oso lotuta dago disko bat sustatzeko egiten den arte-lanarekin.

Segur aski asko interesatuko zaizu...
DAY
Dance rock talde bizkaitarrak 'Day' argitaratu du. Bere hirugarren albuma da, 2002tik rock instrumentazio klasikoz, pop bokaz... (gehiago irakurri)
Introspekzioa, itxurazko inprobisazioa eta nolabaiteko osagai onirikoa iradokitzen duten soinu-paisaia kezkagarriak ardatz, E... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Otsailetik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioa zuzeneko musikaz blai izango da Kutxabank babesle duen Art & Music progr... (gehiago irakurri)
GEREDIAGA ELKARTEA
● Gazteek erantzun ona eman diote deialdiari. Aurrerantzean ere, euskal kulturaren transmisioan ekarpena egiten jarrait... (gehiago irakurri)
SALA BBK
BBK ON STAGE zikloaren laugarren denboraldia Bilboko BBK Salara itzuliko da 2024ko martxoaren 23tik aurrera. Zikloaren laugar... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago