Testua: Igor Cubillo |
Jairo Zavala madrildarrak jauzi mortal bat baino gehiago egin ditu Vacazul rock taldea utzi zuenetik. Bluesa eta funka bezalako soinu beltzei ekin zien 3.000 Hombres-ekin, gitarra jo du Calexico talde gogoangarriarekin, eta zein baino zein harroago ote zen erabakitzeko lehiatik aldenduz, Depedro bakarkako proiektua abiarazi du.
Bere ahots zakar bezain eztiari ezin hobeto datorkio instrumentazio bero eta iradokitzailea, lasai eta zaindua, entzulea kulunkarazteko modukoa, nahiz eta hitzek betiereko loaz, afalorduko atsekabeaz edo gezurrezko putzuetan ito beharraz diharduten. Horiek dira 'Nubes de papel' bigarren disko honetan jorratzen dituen gaietako batzuk, aurreko lanaren muga-giroari eutsiz, xehetasun folklorikoaren distira aintzat hartzen duten oinarriez eta metal-moldaketez tinkotutako 'roots' sustratuaren bidez. Vetusta Morla eta Calexico taldeetako musikariak ditu lagun, eta Velvet Undergrounden 'what goes on' aldarazteko ausardia ere izan du. Jairo bezalako artista argi eta grinatsu gehiago behar ditugu.