ZINEMA
Donostia Kultura
Nosferatu: 'Etorkizun inperfektua(k) – Distopia eta zinea' zikloa hastera doa Donostian
2017-11-07
Datorren asteazkenean, azaroaren 8an, 20:00etan, Tabakalerako 1 Zine Aretoan hasiko da Etorkizun inperfektua(k) – Distopia eta zinea zikloa, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatua. Zikloari hasiera emateko Franklin J. Schaffnerrek zuzendutako Planet of the Apes (1968) proiektatuko da. Ekainaren 20ra arte luzatuko da zikloa eta 24 saio bilduko ditu. 1921 eta 2006 urte birtarteko 25 film proiektatuko dira, oso modu desberdinetan heltzen dienak distopien munduari.

 

Hautatutako filmak era askotakoak izatea izan da asmoa, bai jatorriari bai ekoiztu ziren garaiari dagokienez. Gainera, gero eta hedatuagoa eta hurbilagoa dugun distopiaren kontzeptura egin duten hurbilketa hartu dugu kontuan, batik bat XX. mendearen lehenengo erdian sakonetik heltzen hasitako gaia izan baitzen bi mundu gerrek utopiei azkena eman ondoren.

Ohi denez, bi liburu editatu dira: Futuro(s) imperfecto(s). Cine y distopía, Antonio José Navarrok koordinatua, eta Biharko amesgaiztoak. Distopien ibilbidea literaturatik zinemara, Zigor Etxebestek idatzia.

Distopia eta zinea

Distopia (RAE): Etorkizuneko gizarte baten fikziozko errepresentazioa, giza alienazioa eragiten duten ezaugarri negatiboak dituen gizarte batena.

Distopia terminoak –politikari eta ekonomista britainiar John Stuart Mill-ek 1868an sortua– fikzio bat ematen digu aditzera. Fikzio horrek xehetasunez deskribatzen du gizarte futurista bat, zitala berez, non aurrerabide sozialean, teknologikoan, moralean jarria dugun sinesmena zeharo suntsituko baituten era guztietako gehiegikeriek eta abusuek, progresua lortu nahian aurrera eramandakoek... Hala eta guztiz ere, fikzio distopikoak ez dira bakarrik beren egileen irudimenak sortuak: deskribatzen dituzten izugarrikerien etorkizuna oraingoak eta egiazkoak diren ideiak edo arazoak denboran estrapolatzean datza, eta beraz, gure oraina ikuspegi kritiko batez aztertzeko balio digute.

H. G. Wells, George Orwell, Aldous Huxley, Karel Čapek edo J. G. Ballard bezalako idazleen legatutik abiatuta, ahalmen handiko diskurtso distopikoa eraiki du zineak artearen arloan izan zituen hastapenetatik oso gai polemikoei heltzean: autoritarismo politikoa, desberdintasun sozialak, autokrazia ekonomikoa, teknologiak giza bizitzan duen eragina, kulturaren degradazioa, sentimenduen galera, beldurra gerra nuklearrari, ingurumenaren narriadurari, indarkeriari menderatze ideologikorako tresnatzat... Ahalmen handiko diskurtso bisual batez baliatu diren filmen unibertso trinko eta erakargarri honetatik itzal handiko zinemagile ugari igaro izan dira, haien artean, Fritz Lang, Ridley Scott, Stanley Kubrick, Jean-Luc Godard, Franklin J. Schaffner, Paul Verhoeven, Richard Fleischer, George Miller, George A. Romero, Olivier Assayas edo Terry Gilliam, batzuk aipatzearren.

Sarrerak eta abonuak

Saio bakoitzeko sarrerak 3,50 € balio ditu eta Donostia Kultura – Sarrerak webgunean eros daiteke, baita Tabakalerako informazio puntuan. Ziklorako abonuak (emanaldi guztiak eta bi liburu barne) 55 € balio ditu eta soilik Tabakalerako informazio puntuan eros daiteke.

https://sarrerak.donostiakultura.com/janto/main.php?Nivel=TipoE&idTipoE=2&Idioma=EU

Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago