Ondarearen Europako Jardunaldiek euskal lurraldeetako kultura-ondare oparoa ezagutaraztea dute helburu, herritarrak hura zaindu eta errespetatzeko beharraz jabe daitezen. Hiru aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu dira aurten ‘Paisaia bizia’ leloarekin egingo den ekimena aurrera ateratzeko. Hiru lurraldeetan antolatutako ehunka ekintzak osatzen dute egitaraua, besteak beste erakusketak, bisitak eta ibilbide gidatuak.
“Jardunaldi hauen helburua ondarea balioan jartzea da, herritarrei ondarea beste modu batean gerturatuz”, azaldu zuen Gipuzkoako Kultura diputatu Maria Jose Telleriak jardunaldien aurkezpenean.
Ekimenak arrakasta izan dezan, ezinbestekoa izan da tokiko eragileen, udalen, eta erakunde publiko zein pribatuen arteko lankidetza, aldundien koordinaziopean.