ARTE ESZENIKOAK
Testua: Bego Guzmán | María Mikelarena

GIZARTE | MICAELA TÁVARA
Unesco Etxea
UNESCO ETXEA-GIZARTE
GizARTE | Micaela Távara: “Sortuz soilik aldatu daiteke gaizki dagoen hori”
2021-06-27
Micaela Távara emakume perutarra da, aktibismo feministan duen inplikazioagatik eta Trenzar Kultura Elkartean duen parte hartzeagatik ezaguna. Trenzar gune feminista eta artibista da, eta memoria, genero-identitatea eta giza eskubideak lantzen ditu Liman (Peru). Prestakuntza jaso du San Marcoseko Unibertsitate Nazionaleko Ballet Eskolan, Aktoretza Prestakuntzako Kontserbatorioan eta Arte Dramatikoko Goi Eskola Nazionalean. Hainbat alor ikertu ditu: genero-gaiak, gorputzekiko eta bizi garen espazioarekiko harremanak, memoria kolektiboa edo sexualitatea. Eta hori guztia praktikan jarri du bere arte-proposamenetan. Gainera, 2015ean, Peruko Kultura Ministerioak Peruko 50 artista gazte garrantzitsuenetako bat zela aitortu zuen.

Duela aste batzuk metodologia feminista artibistako elkartruke batean parte hartzen hasi zen, artea eta aktibismoa uztartuz, Irantzu Lekueren (euskal sortzaile eta, besteak beste, Canal Fundazioaren Memorias Fotográficas sariaren irabazlea) eta Alondra Flores artista perutarraren eskutik. Micaela aholkularia da UNESCO Etxeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin bultzatzen duen prozesu honetan, arteen bidez emakumeek pairatzen dituzten bidegabekeriei eta zapalkuntzei aurre egiteko helburuarekin.

“Lehenik eta behin, mugimendu feministan parte hartzen dudala aitortzen dut, eta politika eta bizitzeko filosofia feminista ditudala. Artibistatzat daukat neure burua, sentitzen bainuen artista hitzak ez ninduela erabat besarkatzen; ekintzara eramango ninduen beste zerbait behar nuen. Nire iritziz, arteak konpromiso politikoa du, ez bakarrik artearen prestakuntzan, baita ekoizpenean ere, gizarte-mugimenduentzako tresna gisa ulertuta”.

 

Galdera. Zein izan zen zure lehen ekintza artibista? Zer eragin izan zuen ekintza horrek, bai zugan, bai ekintza garatu zen testuinguruan?

 

Erantzuna. Nire lehen ekintza artibista egin nuenean, ez nekien izen hori har zezakeenik ere. Gogoan dut 2009an emakumeak defendatzen eta haien eskubideen alde borrokatzen den GKE bat nirekin harremanetan jarri zela. Esan zidaten Huancavelican lau emakume laguntzen ari zirela; izan ere, 1983an militar talde batek egindako sexu-esklabotza salatu zuten. Ez zieten kasurik egiten, ez zekiten nola komunikatu, eta espazio publikoan zerbait sortzerik ote nuen esan zidaten, ikusgarri egiteko. Emakumeek beren testigantzak eman zizkidaten, eta bi bakarrizketa artelan bihurtu nituen. Dantza, antzerkia, performancea eta abar biltzen zituzten ideia asko nituen, eta hori testuinguru politiko batean kokatzen zen; garai hartan, hori Manta eta Vilca kasuari buruz hitz egitea zen. Azaroaren 25ean aurkeztu nuen, emakumeen kolektiboaren alde egiten den martxaren hasieran eta bukaeran, eta kaleko hainbat lekutan. Gero jabetu nintzen ez zela antzezlan soil bat, baizik eta artea eta aktibismo feminista lotzen zituen pieza bat. Hori izan zen nire lehen ekintza artibista, orain arte lerro bat markatu duena; izan ere, nire iritziz ez nuen nik bilatu, hark ni bilatu ninduen.

 

G.Trenzar Kultura Elkarteko kide zaren aldetik, zergatik dira garrantzitsuak emakume sortzaileen espazio horiek?

 

E.Guk hainbat espazio feministatan ezagutu genuen elkar, bizitzaren kasualitatez. Garai hartan, 2016an, batzar feministetako antzerki-artista bakarrak ginen; abokatuak, antropologoak eta abar bazeuden, baina arteekin ez zuten loturarik. Jabetu ginen ezin ginela eserita egon, zerbait egin behar genuela. Gutako hiruk elkar ezagutu genuen, eta kalean sexu-indarkeriari buruzko arte-mugimenduak antolatzen hasi ginen, kasu zehatzak aldarrikatzen… Artista gehiagori deitu genien, eta 15-20 pertsona inguru elkartu ginen, eta azken ekitaldian 100 pertsonatik gora bildu ginen. Jendea nola deitzen ginen eta ekitaldi horietan nola har zezaketen parte galdetzen hasi zitzaigun. Hori ikusita, gure sorkuntzei izen bat jartzea erabaki genuen, lan horiek gureak zirela esan ahal izateko; izan ere, sortzaile gisa, nire iritziz, garrantzitsua da sortu dugun horri izen bat jartzea, ez sorkuntza hori kapitalizatzeko, baizik eta emakumeok ere sortzen dugula aldarrikatzeko. Espazio publiko eta itxietarako pieza gehiago sortu genituen, eta gure ezaugarri nagusia izan zen zerrendako gehienak emakumeak ginela. Harridura eragin zuen. Jendea harritu egiten zen argiztapenaren arduradunak emakumeak zirelako, eta jabetu ginen oso garrantzitsua zela informaziorako eta prestakuntzarako gune bat sortzea, baita, horrez gain, independentzia ekonomikoa izateko ere.

 

G.Zergatik da garrantzitsua espazio digitalean artibismoa mantentzea, eta zer erronka ditu bide horrek?

 

E.Ez dugu guk erabaki espazio digitalaren parte izatea. Pandemiak eraman gaitu ziberespaziora, kalean ezin izan dugulako mugimendurik egin. Gizarte-arazoek hor diraute, ez dira desagertu. Hortaz, giza eskubideen aldeko borrokak eta gizarte-mugimenduek ezin dute etenik izan. Horregatik, artibismoa espazio digitalean murgildu da; bizitzaren eta duintasunaren aldarrikapenak ezin dira eten eta isildu. Erronkarik handiena sorkuntza-prozesu kolaboratiboa da, baina erronka hezitzailea eta interesgarria da. Pandemiaren ondorioz, artea aro digital honetara igarotzen den unea dokumentatzeak artearen historia etetea eragiten du.

 

G.Zergatik da hain garrantzitsua arte-hezkuntza?

 

E.Askatasuna da artearen ezaugarri guztiz garrantzitsua. Askatasun osoa sortzeko, erabakitzeko, pentsatzeko, irudikatzeko... Mundu berriak irudikatzerik ez badugu, nola idatziko dugu ipuin bat, edo film baten gidoia? Nola irudikatu ahal izango dugu etorkizun bat? Ezinezkoa da. Gainera, ez da baztertzailea. Guztiontzat da, eta guztiok har dezakegu esku. Arte-sorkuntzak mundua berrasmatzen laguntzen du. Zerbait ikusten duzunean, zure buruan eta gorputzean sentitzen duzu hori ondo edo gaizki dagoen, eta gaizki dagoen hori aldatzeko modu bakarra sortzea eta komunikatzea da.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
UNESCO ETXEA
Irantzu Lekue euskal artista eta aktibista bat da, eta helburu artistiko eta soziala duten muralak egiteagatik da ezaguna, ba... (gehiago irakurri)
UNESCO ETXEA
GizARTE / Emakume Sortzaileak atalean, lehen ere hurbildu izan gara Euskadiko herrialdeetan lan egiten duten hainbat emakumer... (gehiago irakurri)
Santiago Farizano Donostitik
UNESCO ETXEA
“Komikian beti izan dira istorioak kontatu izan dituzten emakumeak, nahiz eta jendeak ez ezagutu; orain, aldiz, kasu egiten ... (gehiago irakurri)
Claudia Aguinaga Gumuzio
UNESCO ETXEA
“Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta parekide bat eta bizitzaren joanean etengabe ikasteko aukerak lortuko baditugu, kultu... (gehiago irakurri)
UNESCO ETXEA
“Talentuak ez du generoa igartzen. Sortu behar dugun munduan, erabakiak hartzen dituztenek onartu behar dute emakumeek, beren... (gehiago irakurri)
DANTZERTI
Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Eskolak (Dantzerti) apirilaren 17tik maiatzaren 17ra irekita du 2024/2025 ikasturte... (gehiago irakurri)
UMORE AZOKA
Umore Azokaren XXIV. edizioa maiatzaren 16tik 19ra bitartean egingo da Leioan. 23 edizioren ondoren, ziklo hori erreferentzia... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago