Nazioarteko 50 konpainiak Leioako kale eta plazak beteko dituzte maiatzaren 16tik 19ra bitartean, Umore Azoka Kaleko Artisten Jaialdiaren barruan. Aukera aparta ikuskizun-sorta bikainaz gozatzeko antzokietako hormetatik kanpo.
Dantza, antzerti, musika eta clown ikuskizunak eta genero jakin bat muga estuetan nekez sailka daitezkeen hainbat proposamen. Guztira 50 muntaia, gaur egun ikus daitezkeen kaleko arte-proposamen interesgarrienen artetik aukeratuak. Horixe aurkituko dute Umore Azoka Leioako Kaleko Artisten jaialdiaren 2013 ediziora hurbiltzen direnek.
Egun horietan, udalerria eszenatoki erraldoia izango da kultura eszenikoaz gozatu nahi duten guztientzat. Baina horrez gain, profesionalentzako topalekua izango da, programatzaileei konpainia berrien lana bertatik bertara ikusteko aukera emateaz gain.
Umore Azoka ezinbesteko hitzordu gisa finkatu da kaleko artearen esparruan. Aurten ikuskizun hautatuak hurbilduko dizkie berriz herritarrei, plazan bertan eta antzokietako hormetatik kanpo. Kultura eszeniko hutsa.
Segur aski asko interesatuko zaizu...