MUSIKA
Testua: Donostia Kultura

DONOSTIA. PROGRAMACIÓN MUSICAL DE PRIMAVERA Y VERANO. UDABERRI ETA UDAKO MUSIKA PROGRAMAZIOA
Donostia Kultura
Donostia Kulturaren Udaberriko Musika Programazioa
2017-03-23
James Rhodes, Madeleine Peyroux, The Zombies, Jarabe de Palo, Shongai, Rocío Márquez, Su Ta Gar, Adiós a la Bohemia, Gatibu, Cracker, El Twanguero, León Benavente, Adrián Costa & The Criers... Musika egitarau oparoa prestatu du Donostia Kulturak udaberrirako.

2017ko bigarren hiruhilekoan, Victoria Eugenia Antzokiko programazioa izen handiz beteta dator. Maiatzaren 3an izango dugu lehenengoa, Pau Donés: Jarabe de Palo bere taldearekin arrakasta ezagutu duen musikaria dugu, eta orain eszenategira itzultzen da, garaile, gaixotasuna atzean utzita. Aurten, 50 urte beteko ditu Pauk, eta Jarabe de Palok, berriz, 20 urte. Hala, Pau eta Jarabe de Palo, biak ala biak, ilusioz eta indarberrituta itzultzen dira, publikoarekin zuzenean aritzeak duen balioaz jakitun, publikoaren berotasunaz eta txaloez disfrutatzeko prest. 50 Palos kontzertu dirdaitsuaren bidez, Jarabe de Palo eta Donostiako publikoa berriz elkarrekin izango dira, aspaldiko lagunak legez.

Beste borrokalari garaile bat ere izango dugu gure artean: James Rhodes piano-jotzailea (maiatzak 5). Berak dioenez, musikak zentzua eman dio bere bizitzari, bai eta aurrera egiteko indarra ere. Instrumental bere liburu autobiografikoak marka guztiak hautsi ditu, eta ospetsu bihurtu du musikari hau; berak erakusten digunez, arteak bizitzako edozein gorabehera gainditzeko balio du, latzena izanda ere. Gaurkotasun handiko pertsonaia dugu, beraz; musikaren beraren mugez haratagoko fenomenoa.

Bi emakume, nor bere estiloan. Bi abeslari hautemangarri eta liluragarriak. Batetik, Madeleyne Peyroux (maiatzak 17), jazz abeslaririk estimatuenetako bat, guztiz heterodoxoa eta pertsonala den aldetik; bere azken diskoa aurkeztuko digu, Secular Hymns, eszenaratze sotileko abesti sentitu eta lirikoen bilduma.

Bestetik, Rocío Márquez (maiatzak 31), flamenkoa irauli duen abeslaria; arte zaharra berritzeko ahaleginak, bere sentiberatasun apartak eta ahots bikainak eragin askotarikoen arragoa bihurtu dute. Berak ere bere azken proiektua ekarriko digu: konplexua bezain apurtzailea, sentitua bezain heterodoxoa.

 

Fusioa

Songhai (maiatzak 18) 80 eta 90 urteetako fusio liluragarrienetako bat izan zen. Batetik, Ketama taldea, eta, bestetik, Maliko musikari Toumani Diabaté, ia 400 urteko tradizioa duen kora instrumentuaren jotzaileen oinordekoa. Afrikako instrumentu antzinako honek, bere “hondo” sakonaren eta bere tinbre-aberastasunaren bidez, Afrikako mendebaldeko folklorearen esentzia klasikoak agertzen ditu, muinetik agertu ere. Bi hamarkada igaro dira, eta Songhai berriz ere elkartu da: bidean ikasitakoak aberastuta agertuko zaizkigu proiektukideak.

Pop britaniarraren ordezkari distiratsuenetako bat dugu The Zombies (maiatzak 30). Haien Odissey And Oracle diskoa mitikoa da. Disko hori izango dute oinarri Donostian emango duten kontzertuan. Colin Blunstone eta Rod Argent taldearen liderrek, bestalde, Still Got The Hunger beren disko berria aurkeztuko digute.

Su Ta Gar taldekoak (ekainak 8) ere klasiko batzuk dira. Inor gutxik espero zuen haiek hau bezalako espazio batean aritzea, baina Victoria Eugenia Antzokiko eszenategira igotzea erabaki dute beren azken lana aurkezteko: Maitasunari pasioa.

Baina, seguruenez, Joserra Senperena eta Rafa Berrio musikarien eskutik iritsiko zaigu proposamenik originalena, ausartena, apurtzaileena eta, neurri batean ere, anbiziosoena. Pío Barojaren libreto bat abiapuntu hartuta, Pablo Sorozabalek musika jarri zion ekitaldi bakarreko Adiós a la Bohemia opera txikiari, eta 1933an estreinatu zen, Madrilen. Hala, obra hura moldatu dute gure musikariek, eta beren bertsioa grabatu dute:

 

Haiekin batera, eszenategian izango ditugu Ángela Molina –Triniren rolean–, Bartrina (Malevaje-koa), Alondra Bentley eta Tulsa, besteak beste. Donostia Kulturak diruz lagundu du diskoa, eta laster argitaratuko da.

Eta horrekin guztiarekin batera, Donostia Musika zikloko kontzertuak izango ditugu, hiru abeslari gazteren eskutik: Paula Iragorri, mezzosopranoa (maiatzak 16); Gillen Munguía, tenorra (ekainak 9), eta Mikel Uskola, kontratenorra (ekainak 23). Etxera itzulita, hiru gazteok erakutsiko digute zenbat hazi diren nazioarteko eszenategian ibilita eta noraino den oparoa eta bikaina haien oraingo momentu artistikoa.

Azkenik, laster jakingo dugu zeinek irabazi duen 2017ko Adarra Saria. Hura entzuteko aukera izango dugu ekainaren 21ean.

DKLUBA zirkuituaren barruan, udaberrian eremu komertzialetik aldentzen diren hitzorduak izango dira Intxaurrondo Kultur Etxean.

Salgai diren Julieta Venegas (apirilak 1) eta Los Tiki Phantoms (apirilak 8) kontzertuei Gatibu (apirilak 21) batuko zaie. Gatibuk bere musikarekin toki eder desberdinetara ametsetan bidaiatzeko parada emango digu. Sentsazio positiboz beteriko zeharbide honetan, erritmo biziak eta dantzagarriak rockarekin eta poparekin uztartuko dira elektronika eraginkor batean sartu-irten txikiak adorez erakutsiz.

Cracker (maiatzak 5) rock alternatiboa egiten duen Ipar Amerikako taldea da. Camper Van Beethoven taldeko kide ohia den David Loweryk eta Johnny Hickman gitarra-jotzaileak gidatzen dute taldea. Crackerren abestiek country-rock klasiko, psikodelia, punk eta folk estiloz osatutako americana koktel bat eskaintzen dute.

El Twanguerok (maiatzak 13) eta Adrian Costak (ekainak 10) saio bikoitza eskainiko dute, hitzaldi eta kontzertu formatuan. Publikoak solasaldia izango du lehenengo artistarekin, eta, ondoren, zuzeneko kontzertua entzun ahal izango du.

Azkenik, León Benaventek (ekainak 3) melodia itsaskorrak eta 80ko hamarkadako ukitu ilunak dituen rocka aurkeztuko du Donostian. Euren letrekin azkenaldiko Espainiako errealitate gordina islatzen dute.

Donostia Kulturaren Udaberriko Musika Programazioa
Donostia Kulturaren Udaberriko Musika Programazioa
Donostia Kulturaren Udaberriko Musika Programazioa
Donostia Kulturaren Udaberriko Musika Programazioa

Segur aski asko interesatuko zaizu...
DONOSTIA KULTURA
Musika garaikideari eskainitako zikloa azaroaren 14tik urtarrilaren 14ra bitartean egingo da.a (gehiago irakurri)
DONOSTIA KULTURA
Gaur egungo osasun-egoera dela eta hartu du erabakia Donostiako Udalaren menpe daude aretoak kudeatzen dituen erakundeak, mar... (gehiago irakurri)
DONOSTIA KULTURA
Donostia Kulturak antolatzen du deialdia, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen... (gehiago irakurri)
DONOSTIA KULTURA
Osasun larrialdia dela eta hiru hilabetez itxita egon ondoren, kultura eszenikoa Donostiara itzuliko da ekainean. Hiru kontze... (gehiago irakurri)
DONOSTIA KULTURA
Donostia Kulturak bultzatu duen 'Ipuinaren Ordua' online ipuin-kontaketa saioak atseden hartuko du ekainean uztailean berriz ... (gehiago irakurri)
DONOSTIA KULTURA
Kulturaren deseskalatzeak aurrera jarraitzen du Donostian. Hiriko aretorik enblematikoenetako batek, San Telmo Museoak, ekain... (gehiago irakurri)
DONOSTIA KULTURA
San Telmo Museoak 2019rako prestatu duen programazioa aurkeztu du. Erakusketei dagokienean heriotza, robotika, diseinua eta G... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago