MUSIKA

SEIURTE
"Musika da gure Atlantida"
Seiurte talde bizkaitarra eszenatokietara itzuli da 'Atlantida' aurkezteko, bere ibilbideko seigarren diskoa eta agian orain arte kaleratu duen sendoena. Pop epiko eta elektrikoa, doinu bikainak, gitarra eta oinarri erritmiko sendoa, eta baikortasunez beteriko kantuak sortu dituzte taldeko lau kideek, Iokin Elortza (gitarra eta ahotsa), Iñaki Elortza (gitarra) eta Ekain Elortza (bateria) anaiek, eta Julen Oarbeaskoa (baxua). "Azken finean gure Atlantida musika da", dio Iokinek elkarrizketa honetan.

 

Eboluzio argia dago aurreko diskoetatik lan honetara. Zuen soinua aurkitu egin duzuela esango zenuke?

Erantzuna. Bilatutako gauza izan da aldatzea. Norabide sendoa generaman, estilistikoki oso koherentea, eta hori apurtu gabe aldaketa bat nahi genuen. Hori bi bidetatik egin dugu. Ekoizpenari dagokionez, aurreko diskoetan beti ahalik eta soinurik naturaleza edo gordinena bilatzen genuen, eta honetan soinu ekoiztuagoa edo epikoagoa nahi genuen. Bestetik, gure estiloari eutsiz pixka bat zabaltzea nahi genuen, ez egotea hain kateatuta estrofa-errepika-estrofa eskemari. Gure jantzia apurtu dugu, gustuko genuen norabidean: pop epikoa edo post-rocka. Ez genekian guztiz argi non amaituko ote genuen, baina azkenean abestiek eurek eraman gaituzte heldu garen lekura.

G. Disko iluna dela aipatu duzue, baina nolabaiteko argia ere badu ‘Atlantida’-k, ezta?

E. Uler daiteke iluntasunarena, diseinutik hasita, azalak islatzen dituen sentipenak dakarzkizulako. Baina beste aldetik badu mezu baikorra, aurrera egitekoa. Giro ilun horretan argi zipriztin batzuk daude. 

G. Testuak dira disko honetako osagairik baikorrena?

E. Hitzak nik idatzi ditut azken urtean eta azken urteak asko eman du idazteko. Euskal Herriko egoera oso baikorra zenez, halako mezuak irten dira. Gero Egiptoko iraultzari eskainitako kantua dago eta krisialdi ekonomiari aipamena egiten dion beste bat (‘Robinson Crusoe’). Musika baldin bada iluna, testuak ez dira hainbeste.

G. Robinsonen Uhartea eta Atlantida aipatzen dituzue disko honetan. Zer dira alegiazko lurralde horiek?

E. ‘Robinson Crusoe’ kantuan krisiari buruz hitz egiten dugu, nola pertsona arruntak sentitu garen Robinson Crusoe ikustezin batzuek, merkatuek eta, euren jaia egiten zuten bitartean. Kantu metaforikoa da. Diskoan atmosfera bat sortzen da, ilun eta goibela.

G. Zer da zuen Atlantida?

E. Gure Atlantida disko hau da. Beti bilatzen ari zara disko perfektua eta kantu perfektua. Zorionez, inoiz ez duzu aurkitzen, horrek gehiago idazteko gogoa ematen dizulako. Aurreko diskoetan bilatzen genuen Atlantida ez da orain bilatu duguna eta hurrengoan beste bat izango da. Gure Atlantida musika da azken finean.

G. Orain hori guztia eszenatokira eramateko garaia duzue. Zelan egingo duzue?

E. Batez ere soinua aldatu behar izan dugu disko honetako giroa birsortzeko. Bestelakoan, betiko Seiurte izango da: power pop, energia eta ‘jotafuego’. Ez dakigu besterik egiten. Baliabiderik izanez gero, pantaila erraldoia eramango genuke atzean kantuetako giroek iradokitzen dutena erakusteko, baina oraindik…

G. Seiurte familia txikia da, hiru anaia eta aspaldiko lagun bat. Zelako eragina du horrek taldearen soinuan?

 

E. Handia! Bai taldea eta bai inguruan ditugunak familiakoak dira. Nabarmena da Seiurte familia bat dela eta askotan gure familiekin baino denbora gehiago ematen dugu taldekoekin.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
EZPALAK (2015)
Seiurte euskarazko pop onenaren erreferente bilakatu da. 'Ezpalak' (Eztoldetan, 2015 albumean, luzatu eta finkatu egin du aur... (gehiago irakurri)
Kalez Kale jaialdiak antzerkiz eta umorez beteko ditu berriro Iurretako kale eta plazak, ekainaren 14tik 16ra. Dagoeneko 18 d... (gehiago irakurri)
AMETX
Amorebieta-Etxanon, ekainaren 21etik 23ra, Haizetara Kale Musikarien Nazioarteko Lehiaketa egingo da. Nazioarteko talde onene... (gehiago irakurri)
Introspekzioa, itxurazko inprobisazioa eta nolabaiteko osagai onirikoa iradokitzen duten soinu-paisaia kezkagarriak ardatz, E... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago