Ezinbestez gogoratu behar da, bitxia bada ere, Madonna dugula Iparraldeko hirukotea protagonista duen ipuineko printze urdina. Popeko diva izan zen, 2011ko udan ezagutu ondoren, Kalakan taldearen artea munduari erakutsi ziona MDNA biraren barruan. Folkloretik eta world-musicetik at bizi den izar honen magnetismoak ikusgai jarri zituen erritmoz eta taxu tradizionalez betea baina inola ere zurruna ez den musika-proposamen minimalista honen bertuteak. Artistek berek Joxean Artzeren poemak dituzte oinarri, iturri zaharretik bildutako ur berria edaten duela esaten dutenean.
Diskoak hiru ahotsetan eta euskaraz osatutako kantuak bildu ditu, danbor-hotsek areagotutako sakontasunaz eta txalaparta eta xirulak uztartzen dituen instrumentazioaren babespean. Soinua herriari atxikita dago, paisaiei eta ohiko jardunei pega-pega eginda; baina planteamenduaren dinamismoa eta herrikoiaren berrirakurketa garbiari esker, ez du kirrinkarik egiten XXI. mendean egindako musikaren erakusgarri gisa.