ZINEMA
DFG-GFA
Elias Querejeta Zine Eskolak hiru graduondoko eskainiko ditu
2018-01-09
Elias Querejeta Zine Eskolak bere instalazio berriak aurkeztu ditu, eta hiru graduondokoetan izena emateko epea ireki du

 

Denis Itxaso Kultura diputatuak, Carlos Muguirorekin batera, espazio berria aurkeztu du: 539 metro karratu ditu, 3 ikasgela, 3 laborategi eta 45 ikaslerentzako lekua.  Espezialitate bakoitzean 15 ikaslek izena emango dute gehienez, eta matrikularen prezioa 3.500 euro izango da. 56 asteko ikastaroak izango dira, eta Donostiako Zinemaldiaren hurrengo edizioarekin batera abiatuko dira.

Eskolaren eskaintza akademikoa 3 ibilbidetan oinarritzen da: artxiboa, kuraduria eta sorkuntza. Gainera, ikasketa planean prestakuntza teorikoa eta praktika profesionalak jaso dira, eta baita proiektu pertsonal bat garatzeko laguntza ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatutako Elias Querejeta Zine Eskolak bere instalazioak aurkeztu ditu gaur goizean. Instalazio horietan garatuko da irakaskuntza jardun nagusia, baina "ikasleek Tabakalerako Kultura Garaikideko Zentroko espazio gehienak erabiliko dituztela" esan du Kulturako foru diputatuak. Aurkezpenean, Denis Itxasorekin batera egon da Eskolako zuzendari Carlos Muguiro. EQZEren ateak ireki dira, eskolaren kokaleku fisiko izango diren ikasgelak eta bulegoak ezagutarazteko. Hala ere, ikasleek era naturalean erabiliko dituzte UBIKeko proiekzio gelak eta mediateka, eskura izango dituzten baliabideak baitira.

Plazen muga 15 ikaslekoa da, espezialitate bakoitzeko, eta matrikularen prezioa 3.500 euro da. Ikasturtea Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioarekin batera abiatuko dira.

 

Eskolaren espazioa Tabakalerako lehen solairuan kokatzen da. 539 metro karratuko azalera du, hainbat espaziotan banatuta. Eskolak emateko hiru ikasgela ditu: ikasgela nagusi bat, non ikasle guztiak sartzen diren -45 gehienez-, eta beste bi ikasgela misto, erabilera anitzekoak, eskolak emateko, taldean lan egiteko eta bideo eta audio postprodukziorako erabiliko direnak. Hiru laborategi ere baditu, ekipamendu analogiko eta digitalaz hornituak (errebelatze laborategi bat, laborategi lehor bat eta proiekzio laborategi bat). Espazio horiez guztiez gain, harrera, kudeaketa eta administrazio eremuak ere badaude, eta bi bulego, zuzendariarentzat eta irakasleentzat.

 

2018-2019 ikasturterako onarpena

 

2018-2019 ikasturterako onarpen epea 2018ko urtarrilaren 8tik maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik. EQZEren ikasketa-plana goi mailako unibertsitate ikasketak egin dituzten ikasleentzat dago pentsatuta, goi mailako unibertsitate titulu bat (lizentzia edo gradua) dutenentzat edo titulu hori 2018ko urtean zehar eskuratzeko prozesuan daudenentzat, baita zine eskolaren batean gradudunak direnentzat ere. Salbuespen gisa, eskolak aztertu egingo du aipatu baldintza horiek bete gabe ere zinema arloan esperientzia egiaztatua duten ikaslegaien kasua. Gehienezko plaza kopurua 15 ikaslekoa izango da espezialitateko.

 

 

 

Izen-ematea bakar-bakarrik eskolaren web orriaren bitartez egin ahal izango da. Hautapen prozesura aurkezteko egin beharrekoak:

1. Online formularioa bete: datu pertsonalak eta ikasketei dagozkienak adierazteaz gain, formularioan aukeratu beharko da egin nahi den espezialitatea edo espezialitateak, lehentasun-hurrenkera bati jarraikiz.

2. Fitxari ondoko dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

* Unibertsitate titulua eta ikasketa espedientea.

* Ikasketak egiteko arrazoiak azaltzen dituen aurkezpen gutuna edo bideoa.

* Curriculum vitaea.

* Sorkuntza ibilbidearen kasuan, memoria labur bat; horretan ikaslegaiak azaldu egingo du ikastaroan zehar garatu nahiko lukeen proiektu pertsonala. Sorkuntzako proiektu horren ikuspegia, formatua eta generoa libreak dira. Artxibo eta Komisariotza espezialitateen kasuan aukerakoa da proiektu pertsonala sartzea.

* Dokumentuak egiazkoak direlako zinpeko adierazpena.

Ikaslegaiek, bere eskaera osatzeko, egoki irizten dieten materialak aurkez ditzakete.

Berariaz izendatutako epaimahaiak eta ikasketa zuzendaritzak ebaluatuko dituzte eskaerak. Hautagaitzekin batera aurkeztutako dokumentazioa eta proposamenak baloratu ondoren, elkarrizketa batera deituko dituzte ikaslegaiak. Elkarrizketa hori aurrez aurre edo online egin ahal izango da, eta bide emango dio etorkizuneko ikasleak hautatzeko prozesuari.

 

Onarpen epea urtarrilaren 8an hasiko da eta maiatzaren 31n amaituko, baina ikaslegaien hautaketa eta komunikazioa bi alditan gertatuko da: apirilean (eskaera martxoaren 31ra arte egin dutenentzat) eta ekainean (eskaera maiatzaren 31ra arte egin dutenentzat). Hautapen prozesuaren emaitza posta elektroniko bidez emango da aditzera. Onartua izan dela egiaztatu ondoren, ikaslegaiak matrikula egin eta ordaintzeko behar duen informazio guztia jasoko du, ordaintzeko epe eta metodoei buruzkoa barne. Matrikula egiteak berekin dakar programa onartzea. 2018-2019 ikasturteko matrikularen prezioa 3.500 eurokoa da.

Elías Querejeta Zine Eskolari buruzko informazio guztia eta izena emateko formularioa kontsultatzeko: www.zine-eskola.eus.

Proiektu pedagogikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatutako eskolak proiektu pedagogiko bakar eta berezia du, horren kontzeptualizazioan parte hartzen duten zinemako hiru erakundeen, hots, Euskadiko Filmategiaren, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Donostiako Zinemaldiaren jakintza-esparruetatik abiaturik forma hartzen duten hiru espezialitatez osatua. EQZEren helburua ez da ohiko prestakuntza-ereduei jarraikiz koadro teknikoak prestatzea, baizik eta zinearen gaineko begirada integrala duten eta film egitate eta pentsamenduaren gaineko gogoeta berreskuratzeaz gain errealitate zinematografiko berriak sortzeko gai diren zinegileak sor daitezen bultzatzea. 

 

 

 

Ildo horretatik, Artxibo espezialitatearen xedea zinematografiako eta ikus-entzunezko ondarea identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko espezialistak trebatzea izango da, Komisariotzarena, berriz, zinema eta ikus-entzunezko arteak gai eta protagonista dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketen kontzeptualizazio, kudeaketa, garapen eta hedapena, eta, azkenik, Sorkuntza espezialitateak filmak eta ikus-entzunezko artelanak egiteko interesa dutenen prestakuntza teoriko eta metodologikoa ikertuko du, esplorazio praktikoa bezalaxe. Planteamendu honen xedea zera da, ikasleek ikuspegi zabal eta transbertsala bereganatzea eta, horren bitartez, zinemaren iragan, orain eta etorkizunarekiko solasean aritu ahal izan daitezen ahalbidetzea.

 

Gehieneko plaza kopurua 15 ikaslekoa izango da, espezialitateko, eta matrikularen prezioa 3.500 eurokoa izango da. Ikastaroa Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioarekin batera abiatuko da.

 

Hiru graduondoko, zinema ideia bat definitzeko

Elías Querejeta Zine Eskolak ez du prestakuntza-eskaintza sortarik proposatzen, baizik eta proiektu pedagogiko bakar eta berezia, osagai dituela graduondoko hiru programa, Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Hiru ibilbide horiek, elkarrekin, proiektu berritzaile honek proposatzen duen zinema ideia identifikatzen eta definitzen dute.

 

Artxibo espezialitateak zinematografiako eta ikus-entzunezko ondarea identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko espezialistak trebatu nahi ditu. Arduraduna Clara Sánchez-Dehesa da, L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation-en film eta ikus-entzunezko materiala kontserbatzeko eta zaharberritzeko espezialista, eskola horretan Haghefilm 2011 beka jasoa, eta UCMko masterraren bidez Ikus-entzunezko Ondareko espezialista ere badena bera.

 

Komisariotza ibilbidearen muina zinema eta ikus-entzunezko arteak gai eta protagonista dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketak kontzeptualizatzea, kudeatzea, garatzea eta zabaltzea da. Departamentuko arduraduna María Palacios Cruz da, komisarioa, idazlea eta zinema eta irudi mugimendudunetako irakaslea, Belgikako Courtisane Jaialdiaren zuzendari ohia eta, gaur egun, irudi mugimendudunaren inguruko praktika artistikoak sustatzen dituen eta egoitza Londresen duen LUX erakundearen zuzendari-kidea.

 

Azkenik, Sorkuntza ikasketek filmak eta ikus-entzunezko artelanak egiteko interesa dutenen prestakuntza teoriko eta metodologikoa ikertuko dute, esplorazio praktikoa bezalaxe. Arlo horretako koordinatzailea Laida Lertxundi artista eta zinegilea da, Pasadenako (Kalifornia) Art Center College of Design-en Arte Ederretako eta Giza Zientzietako irakaslea. Arte Ederretan lizentziaduna da New Yorkeko Bard College-n, eta Kaliforniako Arte Institutuan Arte Ederretako masterra egina. Bere lanak mundu osoko museo, jaialdi eta galerietan proiektatu ditu.

 

Irakasleak zinemako profesionalak dira, aipatu hiru espezializazio arloetan ongi irabazitako izena dutenak eta nazioarteko profil ageriko batez hornituak. Besteak beste, irakasleen artean honakoak izango dira: Koldo Almandoz, Cristina Álvarez, Manuel Asín, Harkaitz Cano, Erika Balsom, Luciano Berriatua, Xabier Erkizia, Vanesa Fernández Guerra, Dan Kidner, Reto Kromer, Salome Lamas, Anna Manubens, Adrian Martin, Maider Oleaga, Garbiñe Ortega eta Paulino Viota. Irakaskuntzako proiektu honetan parte hartuko dute, halaber, Filmategiko, Tabakalerako eta Jaialdiko zenbait profesionalek. 

 

EQZEren helburua zinegileak prestatzea da, hitzaren zentzu zabal eta transbertsalean betiere, hain zuzen gai izan daitezen aurrez aurre jarririk iraganeko zinemarekin (ikerkuntza, artxiboa eta babesa), egungo zinemarekin (komisariotza eta programazioa) eta etorkizuneko zinemarekin (sorkuntza) hartu-eman aktiboa izateko, ikuspegi integral eta unitarioa garatzearekin batera.

 

Ikastaroaren metodologia eta egitura

Ibilbide bakoitzaren plangintza hiru arlotan banatzen da, gogoeta, zinema-egitatearen bizipena, mundu profesionalarekiko harreman zuzena eta praktika esperimentala konbinaturik:

Irakaskuntza arloak hiru espezialitateetako irakasgai nagusiak eta horietako bakoitzeko irakasgai espezifikoak jasotzen ditu, eskola magistral, lantegi, hitzaldi, jardunaldi eta mintegi komunekin batera. Euskadiko Filmategiaren, Tabakaleraren eta Donostiako Zinemaldiaren programazioa ere jasotzen da, hiru espezialitateen egutegiarekin lotuko baita hori. Irakaste lana ikastaroaren lehen seihilekoan biltzen da nagusiki, guztira 500 ordu presentzial eginez gutxienez.

Arlo profesionalak proiektuan parte hartzen duten hiru agenteen egitura profesionalen barnean egingo diren praktikak biltzen ditu. Praktika horiek irakaskuntza-jardueraren

 

garapenaren paraleloan izango dira, eta ikasleek praktika edo prestakuntza profesionaleko 100 ordu egingo dituzte gutxienez.

Proiektu arloak ikasle guztiek, duten espezialitatea dutela, garatu behar dituzten eta ikastaroaren amaieran jendaurrean defendatu beharko dituzten proiektuen garapena jasotzen du. Proiektu guztiek espezialitatearen araberako tutorea edukiko dute.

Ikastaroak 56 asteko iraupena izango du, bost eta zazpi aste bitarteko sei modulutan banatuta. Modulu bakoitzak bere koherentzia pedagogikoa du. Horrela, epe horretako irakasgai eta jarduera guztiak espezialitate bakoitzeko gai nagusi baten ingurukoak dira.

Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago