ARTEA
Testua: DFG-GFA

Akademia Errariaren espiritua eta konpromisoa berreskuratu nahi ditu Aldundiak, eta Gipuzkoako aniztasun intelektualaren jatorri gisa aldarrikatu
2017-10-25
Denis Itxaso: “Akademia Erraria eredu bat izan zen, eta, gaur egun, baliagarria izan daiteke tolerantzia espiritu hura eta ezberdinarekiko eta horren iritziekiko errespetua berreskuratzeko” .'Diferentziaren goraipamena' izeneko jardunaldiak egingo dira Koldo Mitxelenan urriaren 25etik 28ra

Denis Itxaso Kulturako diputatuak azaldu du, Luisa Etxenike idazlearekin eta Pedro Gorrotxategirekin batera, Aldundiak asmoa duela Akademia Errariaren espiritua eta konpromisoa berreskuratzeko, eta, horretarako, “Diferentziaren goraipamena” izeneko jardunaldiak egingo direla urrian Donostian.

1955 eta 1963 artean, Francoren diktadura betean, euskal intelektualen talde batek, esparru profesional eta ideia politika desberdinetakoak, elkartzea erabaki zuen kultura munduko pertsona garrantzitsuei omenaldia egiteko, ideien inguruko eztabaidak irekitzeko, eta bizitzea tokatu zitzaien garai gogorrei aurre egiteko proiektuak eta hausnarketak partekatzeko.

 

Akademia Erraria izena eman zioten taldeari, eta kideen artean hauek zeuden besteak beste: Luis Peña Basurto, Julio Caro Baroja, Angel Cruz Jaka, Jose Maria Busca Isusi, Jorge Oteiza eta Luis Martín-Santos. Eta alderrai ibili ziren, zalantzarik gabe, beraien bilerak Gipuzkoako toki desberdinetan egin baitziren: Zumarraga, Eibar, Azkoitia, Ataun, Araoz… Baina, batez ere, Akademia izan zen, Unibertsitate Popularra, eta eztabaidan eta ezaguntzan sakontzeaz gain, eduki horiek partekatu nahi zituzten, euskal gizartearekin lehendabizi eta munduarekin gero.

“Gerrak indibidualista ankerrak egin gintuen, baina gizartekoi bihurtu ginen. Diziplinarik gabekoak, baina arrazoiaren aurrean makurtu ginen. Anarkikoak gure zaletasunetan, baina metodoa onartu genuen. Heterogeneoak ginen gure ideia eta sinesmenetan, baina alde batera utzi genituen koloreak adiskidetasunaren alde egiteko, eta gozatu egiten genuen errenazimentu berri baten ametsezko arragoan zalapartaka genbiltzala uste genuelako", esan zuen  Luis Peña Basurtok Akademiaren sortzaileak.

 

“Akademia Errariaren eredu hori baliagarria izan daiteke, gaur egungo mundu globalizatu eta polarizatu honetan, bere tolerantzia-espiritua eta diferentearekiko eta horren iritziekiko errespetua berreskuratzeko; izan ere, esparru eta ideologia desberdinetatik abiatuta, gai izan behar gara gure diferentziak gainditzeko, eztabaidan sakontzeko, eta konpromiso eta hausnarketa baliagarriak gizarte osoari emateko. Eta hori da guk ezarri dugun helburua akademiaren ateak zabaltzeko ahalegin honetan”, esan du Itxasok.

Xede horrekin, Aldundiko Kultura Departamentuak "Diferentziaren goraipamena” izeneko jardunaldiak antolatu ditu, urriaren 25etik 28ra egingo direnak; jardunaldi horietan esparru desberdinetako intelektualek parte hartuko dute eta, gaurkotasun handiko gai konplexuak aztertzeaz gain, gai horiek gizartearekin partekatuko dituzte. Aldi berean, ikus-entzunezko dokumental bat prestatu da, Patxi Gorrotxategi idazle eta Akademian adituaren eta Eli Tolaretxipi poetaren laguntzarekin, eta bertan agertzen diren garai hartako irudiek Akademiaren historia erakusten dute eta baita ere bere garaian izan zuen eragina eta gaur egun utzi duen itzala.

Egitaraua:

Urriak 25 - 19:30

“Ikasiz bizi. Esperientziaren unibertsitatea".

Elvira Lindo, idazlea, kazetaria.

Alfonso Unceta, EHUko esperientziaren geletako zuzendaria.

           

Urriak 26 - 19:30

“Elkar ulertzeko hitzak. Literatura tentsioz betetako mundu batean".

Javier Cercas, idazlea.

Delphine Minoui, frantziar-iraniar idazlea eta kazetaria.

           

Urriak 27 - 19:30

“Egia-osteko garaiko kazetaritza”

Roane Carey, The Nation egunkariko erredaktore nagusia.

Aimar Bretos, kazetaria.

Lourdes Pérez, erredakzio burua, El Diario Vasco.

           

Urriak 28 - 11:00tatik aurrera

Luis Martín-Santos idazlearen Tiempo de Silencio obraren irakurketa jarraitua, jendeari irekia.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesi... (gehiago irakurri)
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Museoaren kultura- eta hezkuntza-programazioaren helburua artearen eta bere balioen bidez ikuspegi berriak inspiratzea eta za... (gehiago irakurri)
Aiur Gorriti Martin
PHOTOMUSEUM (ZARAUTZ)
'Essaouira - Haize Uria' erakusketa bikoitza dugu eta era analogikoan, digitalean eta mugikorraz ateratako formatu handiko ar... (gehiago irakurri)
Omako baso margotuak berriro zabaldu ditu ateak jendearentzat. Agustín Ibarrola euskal artistak Urdaibaiko eskualdearen bihot... (gehiago irakurri)
JA! BILBAO
Bizkaia Aretoa UPV/EHU guneak ‘El enigma Pertierra’ erakusketa izango du ikusgai urriaren 22ra arte. Joaquín Pertierra ilust... (gehiago irakurri)
JA! BILBAO
Gonbidatuen artean daude Olga Tokarczuk, John Banville, Enrique Vila- Matas, Jorge Blass, Ernesto Sevilla eta Pilar Adón. Ira... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago