MUSIKA
Yuja Wang (Photo by Norbert Kniat)
Photo: Yuja Wang (Photo by Norbert Kniat)
Testua: Kmon-Kursaal

KURSAAL ESZENA
Kursaal Eszenak musika programazio eklektikoa eskainiko du uztaila bitartean
2017-12-05
2018ko otsaila eta uztaila artean gauzatuko den denboraldi berrian, Kursaal Eszenak molde ezberdineko – pop-rock-a, folk-a, klasikoa, opera eta musika familian – 14 musika-hitzordu eskainiko ditu.

 

Kursaal Eszenak dozenatik gora kontzertu atondu ditu bere denboraldi berrirako. Denboraldia otsailaren 3an hasiko da, familia giroko “Pierrot” proposamenarekin. Bertan jolasa, dantza, pantomima eta Britten, Beethoven edo Xostakovitx bezalako konposagile ezberdinen musika elkar nahasiko dira, Commedia dell´Arteko giroa gogoraraziz. Denboraldiko lehen hitzordu honetako protagonistak, EOSeko talde instrumental bat eta Dantzertiko Arte Dramatiko eta Dantzako ikasleak izango dira.

 

Egun batzuk beranduago (otsailak 17), Italiako Europa Galante taldea iritsiko da Kursaal Auditoriora. Fabio Biondi biolin-jotzaileak zuzentzen duen eta barroko garaiko errepertorioan ezpezialdua den formazio honek, historiako aldi guztietan musikatuena izan den erlijiozko testua, “Stabat Mater”a, eskainiko du. Aipatu obra G.B. Pergolesik XVIII.mendeko lehen erdian egin zuen bertsioarekin iritsi zen bere gorengo mailara, eta bertsio hori izango da, hain zuzen ere, Italiarrek interpretatuko dutena.

 

Denboraldi berriko esparru klasikoan, Pucciniren “La Bohème” opera ezagunaz gozatzeko aukera ere izango da, Opus Lirica konpainiaren produkzio berriari esker (martxoak 2 eta 4). Mimiren rol nagusia interpretatutako duen Ainhoa Garmendiarekin batera, Helena Orcoyen edo Jagoba Fadriqueren neurriko beste hainbat bertako abeslari ere agertzen dira bakarlarien zerrendan. Donostiako konpainiaren proposamen berriak, joie de vivre eta tuberkulosiaren drama artean mugitzen diren artistez betetako Paris batetara eramango gaitu.

 

Opera eta gero, Kursaal Auditorioak beste hainbat hitzordu “klasiko” izango ditu: Jordi Savall, antzinako musikaren ordezkari nagusienetako bat dena, berak sortutako bi formazioarekin batera etorriko da “Esklabotzaren ibilbideak” izeneko programa eskaintzeko (martxoak 7). Bertan, Mexiko, Kolonbia, Brasil, Mali edo Madagaskar bezalako herrialdeetako musika tradizionala aztertzen du artista katalanak. Europako orkestrarik garrantzitsu eta esanguratsuenetako bat den Zuricheko Tonhalle Orkestrak, berriz, Lionel Bringuier gazteak zuzenduta, Berliozen “Sinfonia fantastikoa” txalotua interpretatuko du (apirilak 17).

 

Scottish Chamber Orchestrak azkenik, Mozartek pianorako idatzi zituen bi kontzertu ezagunenetakoak aurkeztuko dizkigu, gaur egungo pianista interesgarrienetako bat den Piotr Anderszewkirekin batera (maiatzak 20).

 

Musika klasikoari dagokion atala Euskal Barrokensemble taldearen egitasmo berriarekin, “Juan Sebastián Elkano: euskal nabigazioaren Urrezko Aldiko kantu eta dantzak” izenekoarekin, osatuko da (ekainak 3). Enrike Solinis gitarra-jotzaileak zuzentzen duen taldeak Orfeoi Txiki Abesbatzaren laguntzarekin eskainiko du, euskal nabigazioaren osperik handieneko aldiari dagokion errepertorioa, kontinente desberdinetako ahozko tradiziozko musika eta testuak miatuz.

 

Apocalypticaren emanaldia, musika sinfonikoa eta rockaren arteko eremuan kokatzen da. Metal sinfonikoko banda hau, hard-rock nahiz heavy-metaleko abestiak biolontxeloz jotzeagatik egin da ezagun. “Plays Metallica by four cellos” izeneko bere lehen albuma argitaratu zuenetik bi hamarkada bete diren honetan, Finlandiako bandak hogei urteko ibilbidean lortu dituen arrakasta handiak errepasatuko ditu (apirilak 8).

 

Indie Folkeko Fleet Foxes taldeak, berriz, bere estudioko hirugarren lana aurkeztuko du (uztailak 10). Disko hau, 2011an argitaratu zen eta Fleet Foxes Estatu Batuetako herri-musika garaikideko talderik garrantzitsuenetako bat bezala bermatu zuen “Helplessness Blues” lanaren jarraipena da.

 

Oreka TX euskal txalapartari bikotea “Tosta banda”ren partaide lez ariko da. Hizkuntza gutxituak dituzten herrialde eta kultura ezberdinetako hamar artista biltzen ditu aipatu bandak, kultura horietako abesti tradizionalak birsortu eta berrinterpretzeko helburuz. Hala, Eskozia, Frisia, Gales, Kornualles, Galizia, Irlanda eta Euskadiko instrumentu, estilo eta erritmo ezberdinek bat egingo dute, indar bisual eta musikal handiko kontzertu-ikuskizun honetan (apirilak 28). Dantzak ere izango du lekurik “Tosta”n, Kukaiko bi dantzari eta  Kornualleseko dantzari zelta baten partehartzeari esker.

 

Kursaal Eszenaren denboraldi berriko eskaintza, aparteko bi emakumezkoren, Lila Downs (ekainak 27) eta Silvia Pérez Cruzen (maiatzak 22) emanaldiekin osatuko da. Abeslari mexikarrak “Salón, lágrimas y deseo” izeneko bere hamabigarren albuma aukeztuko du. Bertan, bere ahots ikaragarria eta interpretatzeko duen orijinaltasuna bitarteko direla, bluesa, cumbia edo danzoia bezalako musika-moldeak elkar korapilatzen dira, musika-kontzeptu paregabea sortuz. Calella de Palafrugelleko konposagileak, berriz,  “Vestida de nit” izeneko bere lan berria aurkeztuko du non, harizko boskote batez lagunduta, oso pertsonalak diren hainbat abesti interpretatzen dituen.

 

 

 

 

Musika Familian titulupean etxeko txiki nahiz gazteentzat prestatzen den ohizko programazioa, azkenik, hasieran aipatutako “Pierrot” proposamenak (otsailak 3) eta beste erreferentzia batek, “Beethoven: Pastorala” izenekoak, osatuko dute (maiatzak 9 eta 10). Azken hau, denboraldi honetan hasita Kursaal Eszenak, Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean, eskainiko dituen Eskola Saioen baitan egingo da.

Kontzertua atal ezberdinetan antolatuko da eta, atal bakoitzean, Beethovenen “pastorala” obraren melodía eta esaldi ezberdinak aztertuko dira. Saioa amaiatzeko mugimendu bakoitza, osorik, entzungo dute ikasleek.

 

Kursaal Eszenako denboraldi berriko hitzordu guzti hauen aurretik, urtarrilaren 15ean,

Yuja Wang txinatar pianista famatua izango da Kursaal Auditorioan. Europa osoko musikariek osaturiko ganbera-orkestra batekin, aurreneko aldiz arituko da Wang Donostian.


Segur aski asko interesatuko zaizu...
Max Pucciarello
KURSAAL DONOSTIA
Kursaal Eszenaren kontzertu denboraldiaren baitan Bamberg-eko Sinfonikoak datorren ostegunean, azaroak 9, eskainiko duen kon... (gehiago irakurri)
Kursaal Eszenako denboraldi berriak 15 musika-hitzordu ezberdin eskainiko ditu: 7 musika klasikoaren esparruan; 6 herri musik... (gehiago irakurri)
KURSAAL DONOSTIA
Calixto Bieitok zuzendutako 'Mendi mendiyan' Usandizaga maisuaren lanaren egokitzapena izango du apustu nagusitzat, Mozarten ... (gehiago irakurri)
Introspekzioa, itxurazko inprobisazioa eta nolabaiteko osagai onirikoa iradokitzen duten soinu-paisaia kezkagarriak ardatz, E... (gehiago irakurri)
Kmon emanaldien egutegia
Gastronomia
Bidaiak
© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic





Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago